2017(e)ko urtarrilaren 14(a), larunbata

HAUR HEZKUNTZAREN "HUTSUNEAK"

Gaur egun, Haur Hezkuntzari dagokion etapak gero eta garrantzi handia hartzen du; lehen, orain ez bezala, soilik haurrak zaintzen ziren hezkuntza-etapa gisa hartzen baitzen.

Haur Hezkuntza hainbat arrazoiengatik da ezinbestekoa; bertan, lehengo harremanak -komunikazio berbala eta ez-berbalaren bitartez-, ohiturak, edukiak eta abar barneratzen dira. Haurrek lehenengo harremana ezartzen dute hezkuntzarekiko eta; gainera, hazi ahala edukiak eta jakintzak eskuratzeko oinarria finkatzen doaz.

Hain garrantzitsua izanda ere, esan beharra dago, honetan ere zenbait hutsune edo gabezia daudela. Alde batetik, maiz, haurren motibazioa eta jakin-mina abiapuntutzat hartu beharrean ikasketa esanguratsua bermatzeko, irakasleek gidatzen dute dena haientzat erosoak diren gaiak landuz. Bestetik, arlo akademikoa eta emozionala ez dira modu parekidean jorratzen; ez baita ahaztu behar haurrekin egiten dela lan eta afektuzko harreman seguru eta osasungarriak ezarri behar direla modu orekatu bateaz haz dezaten.

Gainera kontuan hartu behar da haurrek esperimentazioaren bitartez ikasten dutela gehienbat; izan ere, esperimentazioaren bitartez eta zentzumenen bitartez ezagutzen eta ikasten dute haurrek mundua. Hori dela eta, ikasgeletan ere hori islatu egin behar da, ikasketa esanguratsua eman dadin. Bestalde, originaltasunaren gaiari erreferentzia egitea ezinbestekoa da, lantzen diren gaiak (udazkena, Gabonak, inauteriak...) errepikakorrak izaten ohi direlako. Ikaskuntza prozesua aberasgarriagoa egiteko, gaietan eta jardueretan originaltasuna bilatzea aukera egokia izan daiteke. 

Sormena, haurrekin landu beharreko alorra da, jolas librearen bitartez lantzen dena batik bat; hori dela eta, jolas orduak, hain zuzenduak izan beharrean, libreago kudeatzea aberasgarria izan daiteke. Jolasarekin lotuta, bertan erabiltzen diren materialak askotarikoak izatea garrantzitsua da; hau da, material birziklatua, erosia, haiek sortutakoa... horrela, jolasteko era ezberdinak sortuko dituzte eta materialen beste erabilera ikustea ahalbidetuko zaie.


Bukatzeko, aipatu beharra dago inguruaren ezaguera eta honen zainketa ikasgeletan gero eta gehiago ari dela lantzen; ondorioz, honen ezaguera ezinbestekoa da. Inguruaren ezagutzeko modurik onena, honekiko kontaktua ezartzea da; hau da, irteerak egitea, ikastetxea kokatuta dagoen hiria edo herria ezagutzea, ikastetxean baratza edukitzea, naturako materialak (hostoak, makilak, harriak...) biltzea eta erabiltzea besteak beste.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina