2017(e)ko urtarrilaren 8(a), igandea

EKIALDEKO ERREGEAK

Aurten Amonarekin pasa ditut Gabonetako oporrak, beti bezala, gurasoak lan asko dutelako. Herrira goaz, eta ni oso pozik joaten naiz, bertan lasai jolas egin dezakedalako. Kotxerik ez dagoenez, ni lasai lasai noa lagunekin jolastera. Nire herrian Olentzero etortzen da, eta ondoren Erregeak. Hori bai mauka! Olentzero menditik etortzen dela badakit. Baina Erregeak ez dakit nongo erregeak diren, eta horregatik amonari galdetu diot. Amonak asko daki, ia dena daki.

Erregeak nondik diren galdetu diodanean amonari, EKIALDETIK datozela erantzun dit. Ekialdetik, ekialdea... eta bat batean nire buruan marrazki bizidunetako bonbila horietako bat piztu zait.

Amonari galdetu egin diot berriro, ea hortakoak ez al diren ere Errefuxiatuak, muga batetik bestera igarotzen uzten ez dietenak, horma batetik eskegita daudenak, telebistan negarrez ateratzen direnak...


Amona ixilik gelditu da. Ni ixilik gelditu naiz, haren erantzunaren zain. 

"Amona, erregeak errefuxiatuak dira?"-Amona ixilik gelditu da. 


"Maittia, erregeak magoak dira, helduko dira, lasai."-esan dit, maitekiro, aurpegia laztanduz.


"Baina mugak ez al dituzte igaro behar?"-Amona, berriro, ixilik geratu da. 


"Ikusiko duzu, laztana, nola heltzen diren azkenean."

Arratsaldean, herriko kabalgata izan da, eta bertan azaldu dira erregeak, opariekin. Lasaitu egin naiz, baina, oraindik ere, azken kezka bat izan dut, eta gameluentzako ura, eta azenarioaren ondoan, honakoa idaztea erabaki dut, soberan nuen Eroskiko gutun batean:

"Errege maiteak, 

Badakit Ekialdetik etortzerakoan ez duzuela oso bidaia xamurra izan, ikusiko zenituzten zuekin batera mugak igaro nahi zituzten errefuxiatuak. Amonak, azaldu egin dit hitz horren esanahia. "Gerra batetik ihesi doaz, bakea dagoen beste leku batera, baina, hantza, batzuek ez dute euren bakea beraiekin banatu nahi". Nik ez dut hori ulertzen, ezta Amonak ere ez. 

Badakit aurten, pasadan urtean ekarri ez zenidaten skalextrika eskatu dizuedala. Gustatu zitzaidan ekarrirtako panpina, baina nahiago ditut kotxeal. Nik oso maite ditut kotxeak, bereziki gorriak, azkarrenak direlako, baina, pentsatu dut, agian hobeto dela zuei eskatzea muga horiek irekitzen laguntzea, errefuxiatuek bakea izan dezaten. Telebistan sarritan ikusi ditut gurasoekin, bazkariaren bitartean nola zeuden negarretan, eta, nik ulertzen ditut, negarrez daude triste daudelako, ez dutelako etxerik. Nik eurentzako etxea nahi dut, eta berriro telebistan ez agertzea, skalextrixaren ordez. Zaila da, baina aztiak zaretenez, lortuko duzue, ziur naiz. eta gainera, ni aurten txintxo txintxoa izan naizenez, aldatuko didazue oparitxoa, ezta?

Mila esker, eta bidaia ona izan!"

Azkar-azkar afaldu dut, nagusiak euren gauzetaz hitz egiten zuten bitartean. Amonari muxu eman diot eta azkar ohera nindoala esan diot, Erregeak agudo etor zitezen. Nagusi guztiak barre egin dute, nire ideia astakeria balitz bezala. Niri hori ez zait gustatzen, nagusiak txikioi hori egiten digutenean, haiek bai direla astakirtenak. Amona ordea, ez da astakirtena, beti entzuten ditu esan behar ditudanak. 

Eta lotara joan naizenean, urtero etortzen zaidan zirrarazko urduritasun horri, urduritasun berri hauek itsatsi zaizkio. Baina, Amonak dioen moduan, aztiak dira, eta helduko dira, amonak asko daki, ia dena daki.




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina