2017(e)ko urtarrilaren 31(a), asteartea

2017(e)ko urtarrilaren 24(a), asteartea

HAUR ANTZERKIA ETA DOLUA


Txabi Arnalek dioen moduan, bereziki garrantzitsua da umeei heriotzari buruz hitz egitea, bizitza, gaztetasuna, arrakasta eta konforta helburu duen gizarte batean bizi garelako, eta horrek heriotzaren trataera normal, laiko eta sufrimendu gabea ekiditen duelako. Dolua eta honek dakarren sufrimendua bizitzarako hezkuntzaren parte da, eta horregatik ezin zaio garrantzirik kendu heriotzaren gaiari. Hau lortuz gero, pertsonaren hezkuntza integral eta orekatua lortuko dugu. (Arnal, 2012).




Txabi Arnalek bere doktorego tesian Album estiloko ipuinak proposatzen ditu gai hau jorratzeko, eta gu,hori aprobetxatuz, haratago joan eta antzerki proposamen bat aurkeztu nahi dugu, doluaz oso era interesgarrian mintzo dena.

Proposamen hori Markeliñe antzerki taldearen Euria antzezlana da:



Markeliñe antzerki taldea ezaugarriarazten duena zera da: sortzen dituen antzerki guztiak kutsu sozial eta kritikoa dutela, non ikuslegoaren buruhausteak eta kontradikzioak taularen gainean jartzen dituzten estetika eta edertasun izugarriarekin gainera . Haien sortzeko metodoa librea da, baina antzerkiaren funtsarekin koherentzia duena, eta horrela moldeak apurtzeko gai diren obrak lortzen dituzte, ikuslegoa txundituz.

Hamaika antzezlan badituzte ere, guk, antzerki taldearen EURIA proposatzen dizuegu. Heriotza, galera , samina , dolua eta erresilentzia tratatzen dute, hitzezko azalpenik gabe, teknikoki jarduera oso zaila bihurtzen duena. Baina Markeliñe taldekoek lortzen dute umorea eta dantza komunztatuz, obra mutu batean, eta horrek egiten du benetan eder.

Datorren emanaldia Areetako Andres Isasi Musika eskolan izango da, Urtarrilaren 29 an, arratsaldeko seiretan.


Gutako batzuk han izango dira, inoiz ez delako berandu gure barneko haurtxoari kultura dieta eman, eta arima elikatzeko, hurrengo mundura bapo eginda joan dadin, joaten baldin bada!

2017(e)ko urtarrilaren 22(a), igandea

PRAKTIKAK

Kaixo lagunak!

Hiru hilabete zehar unibertsitatera etortzen eta teoria ematen egon ondoren, azkenean praktikak ailegatu dira! :) Gogotsu hasi gara izan ere unibertsitateko eduki guztiak praktikan jartzeko aukera paregabea da, gainera, ikasketa-prozesuaren errealitatea da. Taldeko partaide bakoitza eskola ezberdin batean egon gara. Hauek dira egon garen ikastetxeak:


Laudio Ikastola (Laudion): 5 urteko gela


Niño Jesus (Gasteiz): 2 urteko gela


Urkide (Gasteiz): 4 urteko gela


Odon de Apraiz (Gasteiz): 5 urteko gela


Buztintxuri (Iruña): 5 urteko gela


Ander Deuna (Sopela): 4 urteko gela



Marianistas (Gasteiz): 3 eta 4 urteko gela


Hona hemen gure hausnarketa:

Lehenik eta behin aipatu beharra dago oso zaila dela hiru praktikaldi hauetan bizi izandako esperientzia laburbiltzea, izan ere asko dira irakaskuntzari buruz hausnartzen dugunean burura etortzen zaizkigun gogoetak. Hala ere, ahalik eta hobekien egiten ahaleginduko gara.

Hezkuntza oso garrantzitsua da ume baten garapenerako eta bere identitatearen eraikuntzarako. Hortaz, eskolaren helburua umearen ahalmenak eta gaitasunak garatzea izango da, hau da, pentsamendua sortzea eta ezaguerak eraikitzen joatea. 

Haurra eskolan sartzen den unetik bere ingurua zabaltzen hasten da eta besteekin elkarrekintzan garatu egiten du, hots, gizarteratu egiten da. Horregatik familiak emandako heziketaz gain, eskolaren heziketa oso garrantzitsua da haurraren garapenerako. Familian eta eskolan bizitzako oinarrizko arauak ikasten hasten dira eta arau horiek deskribatzeko gai dira. Gainera, adiskidetasunaren eta tradizio ugarien, jaiegunak, urtebetetzeak, ibilaldiak, bidaiak… oinarrizko ezagutza bereganatzen dute.

Lehenengo pausoak ematen dituzte erregulazio emozionalaren bidetik eta beren emozioei identifikatzeko gero eta trebetasun handiagoa dute. Adin horietan, hizkuntz trebetasunen garapenak gero eta konplexuagoak izaten eta elkarrekintzetan gero eta gaitasun sozial handiagoa berenganatzen laguntzen die, eta jolasteko moduari buruzko akordioetara iristen, elkarri imitatzen edo lankidetzazko jokabideak hartzen ere. 

Lagunekin jolasean aritzen dira, elkarri lagundu, kontsolatu eta defendatzen diote eta taldean lankidetza handiagoa antzematen zaie, nahiz eta borroka eta gatazka handiagoak ere sortu. 

Hizkuntza funtsezko osagaia da haurrek errealitatea interpretatu eta ordenatzeko. Horrela, hizkuntzak funtsezko eginkizuna betetzen du errealitate horren eraikuntzan. Errealitatea eskaintzen zaizkien ereduen arabera eraikiko dute. Horregatik, ekintza hezitzaileak dira haurrak izendatzea, mesprezuzko hizkuntzak saihestea, eta elkarbizitza positiborako ekintzak indartzen dituzten hizkuntzak erabiltzea.

Umeak autonomoki joka dezaten saiatu behar gara, hau da, aukerak eman ardura txikiak beraien kabuz lor ditzaten eta baita akatsak egiten utzi ere. Gauzak lortzeko ahalegina egin behar dela ikusi behar du, zailtasunak dituzten egoerak aurkeztu behar zaizkio, eta nahi duena lortzeko zailtasun horiek gainditu beharko ditu.

Hasieran gure laguntza behar dute agian, baina behin lagunduta beraiek egiteko gai izatea lortu behar dugu. Horretarako pazientzia guztiz beharrezkoa da. Hiru praktikaldi hauetan konturatu gara garrantzi handikoa dela, izan ere, ume guztiak ez baitira berdinak eta batzuk zailtasun gehiago dituzte eta ondorioz, arreta gehiago eskaini behar zaie.

Aniztasunaren tratamenduari erreparatzen badiogu, dibertsifikazioan eta integrazioan oinarritutako eskola bultzatu behar dela uste dugu. Baina zoritxarrez gizarte honen baloreek zaila egiten dute, besteak beste, sexismoa, arrazakeria… Eta kontuan hartu behar dugu, dibertsitateak gutariko bakoitzak berezia egiten gaituela. Gizarte batean talde desberdinak daude, pertsona desberdinak daude, motibazio, pentsaera eta ikuspegi desberdinak daude… Hortaz, aniztasun horretaz elikatu behar gara, guztiz positiboa delako.






2017(e)ko urtarrilaren 18(a), asteazkena

HAUR ERREFUXIATUEN EGOERA

Nazio Batuen Errefuxiatu Agentziak jakinarazi du testigantza sinesgarriak jasotzen ari dela ihesean ari diren emakumeak eta haurrak sexu-abusuen biktimak direla ohartaraziz.


Aurten, gerratik eta miseriatik ihesi, 664.000 pertsonek zeharkatu dute Mediterraneoa Europako beste herrialde batzuetara heltzeko asmoz, eta horietako %34 umeak eta emakumeak dira.

Europoleko ordezkari baten adierazpenek eman dute auziaren berri, Polizien agentziak uste baitu Europako Batasunean erregistratutako 10.000 haur errefuxiatu desagertuta daudela, eta horietako asko mafien esku izan litezkeela. Horietako batzuek euren familietako kide batzuekin egotea lortu dute, baina beste batzuek giza trafikoan aritzen diren erakundeen esku gelditu dira.

Gutxienez, bakarrik bidaiatzen duten 5.000 bat ume agintarien zaintzatik desagertu eta “egitura kriminalen” menpe gelditzen dira.

Europolek atzeman duen egitura kriminala "berria eta oso sofistikatua" dela esan du. Hain justu, duela 18 hilabete sortu da eta Alemanian eta Hungarian du gunea. Italiatik Hungariara joaten dira umeak eta han Europako beste herrialdeetan sartzen dituzte giza trafikoak aritzen direnek.

Adingabeen sektorea bereziki ahula da gaurko gizartean. Babesteko neurri asko hartzen diren arren, bai nazional nahiz nazioarte mailan, bere eskubideak sarriegi urratzen dira. Eta gazteak etorkizuna direla esaten bada, babestuko dituen benetako inguru bat eskaini behar zaie.











2017(e)ko urtarrilaren 16(a), astelehena

TALDE LANA


Zenbait lan egiterako orduan, maiz askotariko arazo eta zailtasunen aurrean aurkitzen gara, bai bakoitzak bere buruarekin, besteekin edota kanpoko alderdiei dagokionez. 

Hasteko, lan batzuk egin bitartean, hasieran uste baino zailagoak suertatzen dira; izan ere, ezustekoak gerta daitezke. Gainera, batzuetan taldez kanpoko jendearekin lan egitea egokituz gero, hasieran espero dena eta amaierako emaitzaren artean alde nabaria egotea gerta daiteke; hau da, ditugun itxaropenak ez dute errealitatearekin bat etortzen eta egin beharrekoak moldatu beharra dago. Izan ere, askotariko jendearekin lan egitean, aniztasuna nabaria da eta ondorioz, emaitzak ere. 

Gainera, talde lanean kudeaketa eta antolaketa ona egitea ezinbestekoa da, egin beharrekoa adostuz eta helburuak zehaztuz, besteak beste. Bestalde, gerta daitekeenez gauzak espero bezala ez ateratzea, alternatibak izatea nahitaezkoa da lana bertan behera ez uzteko; izan ere, gauzak modu bat baino gehiago dagoela argi eduki behar da. Honen harira, taldean askotariko iritziak egotea ohikoa da eta guztiak entzutea eta aintzat hartzea beharrezkoa da, lehen aipatu bezala, gauzak egiteko modu ezberdinak baitaude. Horretarako, entzuketa aktiboa beharrezkoa da, gure komunikazio egokia bermatzeko. 


Amaitzeko, beharrezkoa da aipatzea besteekin aritzen garen heinean, balio batzuk argi edukitzea nahitaezkoa da, errespetua, tolerantzia eta elkarlana besteak beste.



2017(e)ko urtarrilaren 15(a), igandea

TXIROAK


Urtero bezala bai eskoletan eta gizarte etxeetan arroza, pasta, esnea, pixoihalak, konpresak eta bestelakoak jasotzen dira, haurrek dioten bezala txiroak diren horientzat. Eta bai, txiroak diren horientzat dira. Baina betidanik Europako mendebaldean, txiroak besteak direla ulertu izan da; badirudi hemen ez dela txirorik existitzen.

Baina zer da txiroa izatea? Diru iturrien eta kantitatearen arabera soilik sailkatu behar dira pertsonak? Eta beste guztia non geratzen da? Hezkuntza sistema adostu bat erabakitzeko gai ez diren eragile sozialak txiroak al dira? Euskara hizkuntza alde batera uzten duten horiek txiroak al dira? Gizarte heteropatriarkala txiroa al da? Eta gizarte kapitalista bat? Mundu osoan zehar emakumeak erasotu, mehatxatu, jipoitzen eta hauek erahiltzen dituztenak txiroak dira? Supermerkatu eta multinazionalen erruz denda eta komertzio txikien desagerpena eragiten dutenak? Guzti hau onartu eta amen egiten duten norbanako horiek ere txiroak dira? Non geratzen dira giza eskubideak eta bakea? Horiek ukatzen dituzten guztiak txiroak dira? Errefuxiatuei harresiak zein mugak jartzen dizkieten horien baloreak txiroak al dira? 


Finean, galdera hauei erantzun zentzudun bat emanez gero, mundu oso txiro batean bizi garelaz jabetuko ginateke eta agian, janaria eta konpresak bidali ez ezik, berdintasunean oinarritutako gizarte justu batea bizi ahal izateko martxan jarri beharko ginateke.

ZAKILA DUTEN NESKAK ETA ALUA DUTEN MUTILAK DAUDE

«Hay niñas con pene y niños con vulva. Así de sencillo». Urtarrilaren 10etik aurrera, mezu hau Donostiko, Bilboko, Gasteizko eta Iruñako autobusen markesinetan eta metro geltokietan irakurri daiteke. Chrysallis Euskal Herriaren elkarteak martxan jarri duen kanpaina da eta adingabe transexualen errealitatea ikusarazi nahi dute. Izan ere, elkarteko partaideen ustez “haurren sufrimendua handia da errealitateak ez duelako haien berri. Eta haien zoriontasuna, bizitz kalitatea eta eskubideak haien errealitatearen ezagupenean eta onarpenearen menpe dago”.


Chrysallis Euskal Herriak, txikitan haien identitatea errespetatu ez zaien heldu transexualen suizidioen tasa altua salatzen du. Datuek, erakusten dute nola haien identitatea lapurtu egin zaien haurrek helduaroan buru-hiltze tasa handiagoa izan dutela, identitatea errespetatu eta onartu dutenak baino.


Elkarteak adingabe transexualen beharrak errebindikatzen ditu. Haien inguruak entzuteko, onartzeko eta maitatzeko beharra dutelako. Eta mezu hau biztanleriari zuzenduta egon arren, irakasleek duten paper oso garrantzitsua azpimarratzen dute. Haiek baitira haien eta orokorrean haurrek heziketaren parte handi bat. Beraz, etorkizuneko irakasle moduan gure eskuetan egongo da haurren identitate ezberdinen tolerantzia eta errespetua sustatzea, beti ere ikuspegi feminista batetik.


Aski da! Errespetatu dezagun identitate ezberdinak eta bukatu dezagun genero binarismoarekin!